2005eko Frantziako istiluak

Matxinatuen ekintza arruntena denetariko automobilen erreketa izan zen. Beste ezaugarri nabarmen bat: matxinadako gertakariak gauez garatzen ziren gehienetan. Irudian, kotxe bat sutan gauez eta kotxe berdina biharamonean.

2005eko Frantziako istiluak [1] 2005eko urriaren amaieran eta azaroan zehar Frantzia osoan eta bereziki hiri handietako "banlieue" izeneko auzo eta herri periferikoetan izandako kale borroka eta poliziarekiko istiluak biltzen ditu. 68ko maiatzaz geroztik izandako matxinadarik biziena da, baina arrazoi, motibazio eta ekintzaile guztiz ezberdinekin: hiri handietako auzoetako gazteak, gehienetan etorkinen semeak, dira protagonistak. Matxinada bi gazte, Paristik gertu dagoen Clichy-sous-Bois herrian poliziarengandik ihesi transformadore elektriko batera sartu eta elektrokutaturik hil zirenean piztu zen. Protesta moduan, hasiera batean inguruko herrietako gazteek ehundaka automobil eta instalazio anitz erre zituzten hurrengo egunetan. Matxinada areagotu egin zuen beste pizgarri bat orduko barne-ministroa zen Nicolas Sarkozyk urriaren 25ean, gaztetxoak hil baino bi egun lehenago, kaleetako "racaille" edo zikina garbituko zuela adierazi zuenean, bertako gazteei erreferentzia eginez, gehienak etorkinen semeak. Hurrengo asteetan, matxinada Parisko periferia osora eta Frantziako beste hiri handietako auzo txiroetara zabaldu zen, milaka automobil, eskolak, merkataritza-guneak eta administrazio-eraikinak errez eta polizarekiko borroka gogorrekin. Milaka atxiloketa ere gertatu ziren. Salah Gaham izeneko zaintzaile bat ere hil zen matxinatuek eragindako sute bati aurre egin nahian. Frantziako gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen Frantzia metropolitano osoan azaroaren 8an. Azaroaren erdialdean, matxinadak bere indarra galdu zuen, baina gizartean eztabaida bizia sortu zuen hurrengo hilabeteetan etorkinen integrazio, arrazakeria eta "banlieue" edo auzo periferikoetako egoera sozioekonomiko larriari buruz. Beste zenbaiten ustez, istiluek izaera erlijioso eta etniko nabarmena izan integrazio-arazoa agerian jarri zuten, istiluetan parte hartu zuten gehienak arraza beltzeko eta magrebiar jatorriko gazteak izan baitziren.

  1. Kale istilu hutsak edo matxinada izan ote zen eztabaida dago. Batzuek injustiziaren aurka altxatutako pertsoen erreakzio bortitz moduan ikusi zituzten istiluak. Beste batzuek, beste muturrean, delikuenteen ekintzak besterik ez dira, poliziak eta justiziak zigortu beharrekoak. Edonola ere, istilu hauek bestelako bitartekoak ez duen jende multzo baten indarkeriazko adierazpena da. Ikus: (Frantsesez) Blum, Roland. (2008). «Les émeutes dans les villes européennes : leçons et réaction du Conseil du l’Europe» Europako Parlamentuko Asanblada..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search